BIOGRAFIA

Moskun jaio nintzen, Errusian, 1997ko otsailaren 7an. Hogeita bi hilabete nituela adoptatu ninduten nire bi anai-arreba biologikoekin batera, hirurok Moskuko umezurtzegi berean bizi baikinen. Adopzioaren ondoren, Tolosa (Gipuzkoa)-ra etorri ginen bizitzera, eta han igaro nuen nire haurtzaroa 9 urte bete arte. Ondoren, Ibarra herrira joan ginen urte eta erdi batez; gero, berriro Tolosara itzuli ginen urte batez. 11 urte nituela, Donostiara lekualdatu ginen, nire eskolatzea aspaldian han garatzen baitzen.

Moskutik iritsi bezain laster, garun paralisia duten pertsonentzako Aspace (Gipuzkoa) zentroan hasi nintzen eskolatzen, eta Aspaceko parte izan nintzen 16 urte bete arte. 5 urte nituenean Aspaceko gelatik atera eta Donostiako Santa Teresa Ikastetxeko gela egonkor batera lekualdatu ninduten. 16 urterekin, Aspace uztea proposatu zidaten, eta Donostiako Antigua Luberri institutuan sartu nintzen, lau urte eta erdiz hezkuntza bereziko gela batean ikasteko. Bertan ezagutu nuen lehen aldiz aniztasun funtzionalaren arlo psikikoaren kontzeptua, eta bertan amestu nuen unibertsitatera joatearekin.

Geroago, helduentzako eskola batera pasatzea erabaki nuen, DBHko titulua lortzeko. Ikasketak amaitu ondoren, 22 urterekin, hiru urte gehiago itxaron behar izan nituen 25 urtetik gorakoentzako unibertsitate-sarrerako probara aurkezteko. Nahiz eta FP, erdi mailako edo goi mailako ziklo bat egitea gomendatu zidaten, nik argi neukan: unibertsitatera joan nahi nuen Psikologia ikastera.

Pandemiaren ondoren, sarbide-kurtsoaren azken urtean, ezagutza adarra aldatzea erabaki nuen: Osasun Zientzietatik Gizarte eta Zuzenbide Zientzietara pasa nintzen. Azkenean, 2022ko maiatzean, unibertsitatera sartzea lortu nuen, Gizarte Antropologiako gradua ikasteko, eta hilabete batzuk geroago, 2022ko irailean, klaseekin hasi nintzen.

Kirolaren munduari dagokionez, 2013an, kirol egokituaren munduan hasi nintzen, Boccia eta Slalom praktikatzen. Bost urte eman nituen kirolean: urtebete Slalomean bakarrik, hiru urte bi kirolak batera uztartuz eta azkenik urtebete Boccia soilik eginda. Garai horretan, Gipuzkoa, Euskadi eta estatuko mailako txapelketetan parte hartu nuen, eta hainbat domina lortu nituen.

Alde artistikoari begira, 2011n, Pirritx, Porrotx eta MariMotots pailazoekin antzezten hasi nintzen. Urte berean, Zazpikoloroa diskoan parte hartu nuen, eta 2012an DVD bat grabatu genuen, bertan antzeztuz. Oraindik ere batzen naiz egiten dituzten ikuskizun bakoitzean parte hartuz eta ekitaldi garrantzitsuenetan publiko moduan lagunduz. Talde honetan, antzezteaz gain, ahotsak jarri nituen, abestu nuen, erreportaje eta bideoak aurkeztu nituen eta emanaldietan dantzatu nuen. Esperientzia horrek ez ninduen soilik entretenimenduan aberastu, baizik eta arlo artistikoan garatzeko aukera eman zidan. Garai batean, kirol egokituaren eta pailazoen ibilbideak elkartu egin ziren, eta horren ondorioz egun bakarreko ikuskizun berezi bat sortu zen gai horren inguruan, eta bertan parte hartzeko aukera izan nuen.

2015ean, Álex Tello zuzendariak deitu zidan, inklusioari buruzko Jendartean Bidaide antzezlanean parte hartzeko aukera eskainiz. Antzezle moduan aritu nintzen, eta lana hainbat herritan taularatu genuen. Esperientzia hark antzerkia oso mundu sakrifikatua dela irakatsi zidan: esfortzua, dedikazioa eta konpromisoa eskatzen baititu, baina aldi berean hazteko eta gaitasun artistiko berriak garatzeko aukera paregabea eman zidan.

Bestalde, txikitatik gustatu izan zait ikus-entzunezkoen mundua, ETB1eko Betizu bezalako saioek inspiratuta. Txikitan, ETBko aurkezleak imitatzen nituen. Horregatik, 2018an, nire YouTubeko kanala sortzea erabaki nuen: Eugeniren Txokoa. Bertan eduki askotarikoa partekatzen dut, batez ere elkarrizketak eta euskal kulturako pertsona ezagunekin egindako solasaldiak. Horren bidez, txikitan miresten nituen pertsona asko ezagutu ditut. Jendea modu hurbil eta gertukoan ezagutzea, konfiantzazko giroa sortuz haien bizipenetan sakontzeko da elkarrizketaren helburua. Kanal honi esker, eta publikoari gure kulturaren eta gaurkotasunaren inguruko gaiak hurbiltzea lortu dut. 2018an, nire elkarrizketak telebistan emititzen hasi ziren: uda osoan zehar, Hamaika Telebistak egunero emititu zituen ordura arte grabatutako bideoak. Ondoren, 2019ko maiatzean, berriro hasi ziren nire edukiak emititzen, eta 2020ko uztailera arte egon ziren airean. Urte bereko azaroan Goierri Telebistan eta Tolosaldeko 20 kanalean nire elkarrizketak emititzen hasi ziren gaurdaino.

2018ko amaieran, Eugeniren Abestiak proiektua sortu nuen, eta bertan kantuen bertsioak egiten ditut. Batzuetan jatorrizko hitzak mantentzen ditut, eta beste batzuetan nire hitzak jartzen dizkiet. Hasieran, bi abesti argitaratu nituen, baina 2020ko maiatzean berriro ekin nion, bikote-harreman bateko haustura baten ondorioz. Musikaren bidez, min hori modu positiboan bihurtzea lortu nuen: umorea erabiliz egoerari aurre egin nion, eta neure buruaz barre egitea ikasi nuen, egoera hobeto eramateko modu gisa. Proiektu honek aukera eman dit musika sormen- eta terapia-modu batetik esploratzeko.

2020an, Hamaika Telebistakoa bukatu zitzaidala eta, abuztuaren amaieran nire telebista kanala sortzea erabaki nuen Eugeniren Txokoa, youtubeko kanaletik jaioz, EuTxo Telebista. Bertan 24 orduko emisioak ikusi eta entzun daitezke eta bertako sarbidea webgune honetatik da.